historia
















deskargatu bideoa

Aurrekari historikoak

Gaur egun onartzen da, oro har, praktiko hitza “pilotu praktiko” hitzaren laburdura dela, eta segur asko, jatorriz beren ingurua ezagutzea beste ezagutzarik behar ez zutelako iritsi dela laburtze horretara. Gure inguruko ia hizkuntza guztietan praktikoen izen tradizionala “peilen” (neurtu) eta “loot” (zunda) hitzetatik eratorri zen, izan ere, antzina itsas hondoaren sakonera eta morfologia ezagutzeko eskuko sonda bat erabiltzen zelako. Dena dela, hizkuntza gehienetan “pilotu” hitzaren erabilera nagusitu da.

Zenbait historiagilek erromatarren itsas-bidaietan zenbait lagunek gaur egungo praktikoen zereginak betetzen zituztela egiaztatu dute, eta praktikoen aintzindari izan zitezkeela diote. Baina Behe Erdi Aroan agertu zen lehen aldiz “leman”-aren irudia; itsas ibilbidea finkatzea zen haren zeregina. 1282an Bartzelonako "Libre del Consolat de mar" lanaren 249 kapituluan honela dio. “Patroi bat norabait itsasontzi bat eramateko kontratatzen dutenean, eta ez hura ez itsasontzian doan beste inor seguru ez daudenean, kostalde hori ezagutzen duen pilotu bat kontratatu beharko du, eta pilotu hark ziurtatu beharko dio patroiari ondo ezagutzen duela joan nahi duen lekua”.

XIV. mendeaz geroztik, "lentsman", "locmads", "lemanes" edo itsasertzeko pilotuei buruzko aipamen zehatz ugari daude. Bilboko kontsulatuak (1511-1839), esate baterako, 1561. urteko Pilotatzeko Araudian jarduera hau arautu zuen, eta honela zioen: “leman pilotuaren zeregina da ontziak eta itsasontziak sartzea eta ateratzea”. Araudi hartan adierazten zen, bestalde, lanbide horretan jarduteko hainbat azterketa gainditu behar zirela, eta zehazten zen zein ziren zegozkien ordainsariak. Zigorrak ere ezartzen zitzaizkien, baita gorputz zigorrak ere “kasu larrienetan”. Bestalde, 1590eko “Sanlucar-eko itsasoko jendearen ordenantzak” agirian pilotatzearekin zerikusia zuten jarduerak arautzen dira.

Dena dela, Bilboko 1737ko Kontsulatuaren Ordenantza Orkorrak dira guztietan azpimarragarrienak. Bertako 24. kapituluan, 1681ean Frantziako Itsas Armadaren Ordenantzaren eraginpean, adierazten dute praktikajea derrigorrezkoa dela eta “hogeita seigarren” kapituluan (hogeita hemezortzi atal) “Pilotu gidariei edo kostaldekoei buruz, egin behar dutenari buruz, eta beren Limange edo Atuage-en arabera eraman behar dutenari buruz” hitz egiten da. Bertan, era honetara definitzen ditu lanbide horretan dihardutenak: “Prior edo Kontsul tituluduna, agertzen diren Itsasontziak Portura, ohiko ainguralekura, eramateko ardura duena, eta ondoren, itsasoratu behar dutenean, Barra kanpora atera behar dituena, zehazten diren ordainsarien arabera".

Bestalde, zehazten du “azterketarako hautatu dadin, Leman Pilotu Titulua lortu nahi duen edonork hogeita lau urte beteta eduki beharko ditu, eta Kostalde horretatik kanpo, Itsaso zabalean lau urtez nabigatzen aritua izan dela ziurtatu beharko du; eta azterketan galdetuko zaio (besteak beste) maniobrei buruz, Itsasontzietako tresnei buruz, eta bereziki, Kostalde horretako ur-laster, itsasaldi, sarda, uharri, ur-korronte, eta lurmuturrei buruz, eta baita Itsasadar, Portu, eta Ainguralekura sartzeko eta irteteko oztopo izan daitezkeen gainerako gertaera guztiei buruz”.

Ordenantza horietan zehatz-mehatz adierazten da zein diren pilotuen betebeharrak eta eskubideak. Eta baita beren jardunaren ondoriozko kalteen gainerako erantzunkizunak ere. XI. atalean adierazten da “Leman Pilotu orok ezjakintasunagatik, gaiztakeriagatik, mozkor egonagatik, edo beste edozein arrazoirengatik itsasontzi batek hondoa jotzea eragingo balu, edo galduko balu, eragindako kalteak bere ondasunen bidez ordaintzeaz gainera, lanbidea uztera behartuko lukete, eta zigortu egingo litzateke zorroztasunez".

Pilotu horien ontziak “sei arraunlarik gidatzen zituzten, sei gizon eta mutiko batek”, eta itsasoan egoten ziren itsasontzi bat noiz agertu zain, Kontsulatuak zehaztutako distantziara, eta itsasontzia bazetorrela ikusten zutenean haren bila irteten ziren, eta ondorioz, estropadak sortzen ziren, izan ere, iristen zen lehenak lortzen baitzuen portura gidatzeko lana, eta lan horri zegozkion ordainsariak.

Lehen aipatutako 1590eko “Sanlucar-eko itsas jendearen Ordenantzetan”, “Pilotatzea” atalean honela adierazten da: “Itsasoan dela herri honetako edozein Pilotuk, bere ontziarekin, itsasontzi bat ukituko balu, beste pilotu batek ezingo du hiri honetako portura sartu, ez atera, bestela galdu egingo luke Pilotatze lan horretan irabazi ahal izango lukeen saria, eta lehenbizi ukitu duen pilotuarentzat izango litzateke saria; eta horrez gainera, bostehun marabedi ordaindu beharko ditu, eta hamar egunez espetxean egon beharko du; hori guztia horrela bete dadila ukitu duen pilotua hirian bertan bada, eta Itsasontzi hori Barratik sartzera abiatuko balitz, Itsasontzi horrek Piloturik eskatu ez duenean".

Beste hainbat portutan ere horrela gertatzen zen, eta horregatik egiten dituzte, esate baterako, Amberesen urtero “praktikoen estropadak” izenekoak, lasterketa haiek gogora ekartzeko.

Donostiako Unibertsitatea, Kontratazio Etxeak eta Kontsulatuak 1766an zehatz-mehatz arautu zuten pilotu-gidarien eta kostaldeko praktikoen izendapena eta jarduna.

Baina XIX. mendearen hasieran mugatzen hasten da kontsulatuaren autonomia, erabat desagertzen den arte; horrela sortu zen “Portuko Kapitainaren” irudia, eta aplikatu zen Merkataritzaren kodea.

Pasaiako Portuko praktikoen plantila 5 tituludunek osatu dute urtetan.

Gerra Zibilean hainbat praktiko espetxean sartu ziren eta horren ondorioz, beste batzuk jarri ziren haien ordez, behin behinean.

Ondoko taula honetan pasaiako Portuan praktiko lanetan jardun dutenen datuak agertzen dira.

PASAIAKO PORTUKO PRAKTIKOAK
Izena Jaiotze data Izendatze urtea Lan-urteak
Francisco Picabea
Pedro Calafel
Gabriel Pildain
Ramón Azqueta
José Acebal
Gervasio Larrazabal
Manuel Pérez
Pedro Aranzabal
Andrés Artamendi
Franciso Echave
Ramón Garayalde
Juan J. Beloqui
Juan Loyola
Ricardo Hernández
Ignacio Garmendia
Jesús Polo
Jaime Covas
Angel Badiola
José Luis Clavo
José Cuenca
Eduardo Basterrechea
Rafael Sopeńa
Enrique Pascual
Pedro Aguirre






1880
1885
1883
1893
1903
1906
1905
1907
1923
1920
1927
1931
1930
1932
1943
1942
1947
-






1909
1917
1917
1921
1955
1941
1940
1940
1955
1958
1963
1970
1972
1973
1984
1983
1994
-






1909/
1917/
1917/
1921/
1955/
1941/1973
1940/1944
1940/1971
1955/1982
1958/1969
1963/1993
1970/1999
1972/1993
1973/1984
1984/2001
1983/2003
1994/2005
-

Gaur egun Pasaiako Portuan sei praktiko dihardute lanean.

Testuaren egilea: Carmelo Urdangarín